Nola eragiten dute tradiziozko maskulinotasun-ereduek garrantzitsuak diren zenbait alderdirekin gizonek duten erlazioan; adibidez, osasunarekin, norbere buruaren zaintzarekin edo arriskuaren pertzepzioarekin?
Badinterrek dio gizonei ideal maskulinora hurbiltzeko eskatzen zaizkien ahaleginek estutasuna eta zailtasun afektiboak, porrot egiteko beldurra eta konpentsazio- jokabide potentzialki arriskutsuak eta suntsitzaileak sortzen dizkietela.
Garrantzitsua da argi uztea ezin ditugula ezein kasutan gizonak «biktimatzat» hartu, hau da, generoaren eraikuntzak bai emakumeei eta bai gizonei berdin kalte egiten digula pentsatu. Gizon askok genero-aginduei kasu egiteagatik kalteak pairatzen badituzte, agindu horiek gure jendartean pribilegioak eta abantailak ematen dizkietelako da. Eta, aldiz, agindu horiek berek mendekotasun eta berdintasun gabeko egoeran kokatzen dituzte emakumeak. Esan dezagun gizon asko prest daudela prezio garesti bat ordaintzeko bizitzako arlo guztietan posizio sozial eta pertsonal hobea edukitzeagatik. Interesgarria da maskulinitatearen idealak gizon askorengan sortzen dituen arazoak aztertzea.
Arriskuari eta gizonen autozaintzari dagokionez, zenbait azterlanek ezaugarri maskulino espezifikoen berri ematen dute gizonek osasun-sistemarekin duten interakzioan; adibidez, gorputzeko alarma-zeinuak hautemateko zailtasuna, gutxiesten dituzten neurrian (Luis Bonino 2002). Horri eransten zaio, gainera, ez dutela onartzen, ez haien buruari ez besteen aurrean, ondoezen bat dutenik. Horregatik geroratu egin ohi dute medikuaren kontsultara joatea eta izan dezaketen gaixotasunaren diagnosia. Zailtasunak izaten dituzte, era berean, medikuaren esanak egiteko eta tratamenduak amaieraraino betetzeko, eta horrek zuzeneko eragina izaten du gaixotasunaren sendaketan.
Benno de Keljzer doktoreak honako hau nabarmentzen du:
“Maskulinotasunaren eta osasunaren gaia lantzen dugunean, maskulinotasunari egozten zaizkion hainbat ezaugarriren eta zenbait eritasunen arteko lotura estua alde batera utzita, nabarmentzen den gauza bat da gizonen aldetik ez dela osasunaren aldeko ia neurririk hartzen. Tailerretan gizonok aitortzen dugu zailtasunak ditugula laguntza eskatzeko, ukatu egiten dugula gaixo gaudela eta ez dugula geure burua zaintzeko neurririk hartzen, ez neurri medikorik, ez bizitzeko moduarekin zerikusia duenik”.
Horrela, bada, ikusten dugu gizonei zuzendutako zenbait genero -aginduk baldintzatzen dutela osasunaren kudeaketa eta autozaintza.
Maiz ikusten dugu gure inguruan, eguneroko jardueretan, gizonak haien identitate maskulinoa sendotzen saiatzen direla, nolabaiteko arriskua duten ausardia- eta indar-erakustaldien bidez. Inguruabar eta egoera gehiegitan erakutsi behar da «bat ez dela koldarra» gizontasunaren eredu tradizionalenen arabera.
Egia da arriskuaren zentzuak, zenbait kasutan, subjektibotasun-osagai indartsua izaten duela, norbanakoaren ezaugarri propioei lotuta egoten baita eta, neurri batean, baita testuinguru sozial zehatz batzuei ere. Mary Douglas antropologoak (1996, 57) «immunitate subjektibo» terminoa erabiltzen du pertsonek arriskuaren aurrean ez zaiela ezer txarrik gertatuko uste izateko joera adierazteko; izan ere, etengabe egiten dituzten jarduera sozialak hain menderatuak dituzte, non konfiantza handiegia jartzen baitute haien ekintzetan. Adibidez, automobilean egunero ibilbide bera egiten denean.
Galde diezaiogun geure buruari: Modu berean eraikitzen al ditugu arriskuarekiko aurreuste pertsonalak emakumeek eta gizonek? Hona zer litzatekeen «arriskuarekiko aurreuste pertsonala»: pertsonak, arrakasta ekonomiko edo sozialaren bitartez, maila onargarriko autoestimu edo aitortza erdiesteko bere gain hartu behar duela irizten dion arrisku-kantitatea eta -kalitatea.
Oso eremu desberdinak kontuan hartzen dituzten arriskuak dira, gure hautatzeko ahalmena ere desberdina den bezala. Behin-behineko kontratuarekin azpikontrata batentzat lanean ari bagara, argi dago geure gain har genitzakeen laneko arriskuei buruz erabakitzeko ahalmen mugatua izango dugula. Aldiz, boro ndatezko jardueretan arreta jartzen badugu (higikortasuna eta zirkulazioa, kirola, kontsumoak, etab.), halakoetan gizonak gehiengoa izateak erakusten digu aukera horiek lotura dutela maskulinotasuna ulertzeko duten moduarekin. Beraz, beharrezkoa da genero-ikuspegitik begiratzea droga-kontsumoei, gidatzeko moduari, arriskuko kirolei, edo laneko istripuei, eta adierazle guztiek egiaztatzen eta berresten dute gizonek arriskuko ekintza gehiago egiten dituztela.
Ondoren erakusten diren datuak aztertzeko orduan, kontuan eduki behar da, genero-erlazioei dagokienez, maskulinotasunaren eraikuntza ez dela, seguru, haien kausa bakarra. Baina aintzat hartu behar da zer neurritan dagoen presente eta zenbaterainoko eragina duen fenomeno horietan. Aztertu beharko dugu ea emakumeek eta gizonek pertzepzio desberdina garatzen ote duten arriskuari buruz eta, horrela baldin bada, genero-identitateak nola eragiten duen horretan. Nola interpretatu behar ditugu zifra hauek?
Urte bateko argazki finkoa bada ere, emakumeen eta gizonen proportzioak, atal guztietan, ia ez dira aldatzen beste urte batzuen aldean. Hortaz, arrisku-faktore gisa hartu behar dugu gizon askorentzat arrisku-jokabideak onartzea edo haiei garrantzia kentzea bere maskulinotasunaren eta hari loturik datozen genero- aginduen parte dela , izan ere, horrela jokatzeak aitortza soziala eta prestigioa ematen baitie. Alegia, eredu tradizionalak pribilegioak eta prestigioa eragiten ditu, baina, bide horretan, zenbait eredu maskulinoren presioek faktura ere pasatzen dute.
Gizonen eta emakumeen bizi-itxaropena oso desberdina da, 80,4 urte gizonak eta 85,9 urte emakumeak. Diferentzia horrek ez du esplikazio biologikorik; aldiz, batzuek eta besteek dituzten jokabide sozial desberdinen ondorio litzateke eta, funtsean, bizi-ohitura desberdinetan luke jatorria.
2014ko INEren datuetan, suizidioa da, gizonen artean, kanpoko arrazoien ondorioz gertatzen heriotzen lehen arrazoia.
Gero datoz zirkulazio-istripuak eta ezbeharrez gertatutako erorketak. Beste faktore batzuen artean, zifra horiek emakumeek eta gizonek emozioak maneiatzeko orduan dituzten jokaera desberdinekin lotuko genituzke. Kontuan izanik suizidio-kausa batzuek buruko gaixotasun edo nahasmenduetan, depresioetan, eritasun kronikoetan, gertakari pertsonaletan, bakardadean edo errotze faltan izan dezaketela jatorria, egokia dirudi aipatzea maskulinotasunaren eredu tradizionalak eremu honetan duen eragina, kontzeptu horrek ahul agertzea eta sentimenduak partekatzea galarazten baitu.
Espetxe-erakundeetako gizon presentzia izugarria delitu komisioen partetik, 54.753 gizon eta 4.368 emakume atxilotuak espainiar estatuan 2018ko urtarrilean, erlazioa dauka, beste kausa batzuen artean, gizon askoren joerarekin arauak hausteko arazo eta konflikto ebazpen metodologia gisa.
Beste alde batetik, auto istripuei dagokionez, ez dago dudarik emakume eta gizonen artean dauden ezberdintasunak mugikortasunari begira. 2015 urtean, 81.253 gizon eta 8.192 emakume izan ziren zigortuak bide-segurtasun kontrako delituengatik.
Drogak kontsumitzeko modua ere desberdina da gizonen eta emakumeen artean. Gizonek nahasketa gehiago egiten dituzte eta dosi handiagoak hartzen dituzte; maizago irteten dira, gustura sentitzen dira olgetarako gune edo tokietan, beranduago erretiratzen dira, eta gehiago kontsumitzen dute. Ikusten da, halaber, arrisku-pertzepzio txikiagoa dutela substantziak kontsumitzean, zuhurtasun gutxiago dutela, ez direla haien jostaldia antolatzeaz arduratzen eta festara doazenean ez dutela aurreikusten zer edo zenbat kontsumitu, eta emakumeek baino substantzia ilegal gehiago erabiltzen dituztela.
Gizonezkoen eta emakumezkoen droga-kontsumoak oso modu desberdinean baloratu izan dira eta baloratzen dira oraindik ere. «Gizonen kasuan, haien sexuari dagokion jardueratzat hartzen da; kontsumitzen ez duen gizonaren gizontasuna zalantzan jartzeraino, noiz edo noiz» (Farapi SL, 2009), emakumeen kasuan, berriz, laidoztatzeko arrazoia izan da.