Abiapuntu ona litzateke planteatzea ea identitate maskulino bakar batez mintza gaitezkeen. Gure jendartean bakarrik al dago gizona izateko ideia finko bat? Esan dezagun, hasteko, «gizon» terminoan ez dela sartzen soilik pertsona talde bat zeinen identitatea haien gorputzek definitzen duten. Beraz, termino hori erabiliko dugu sexu-identitate horrekin identifikatzen diren pertsonak aipatzeko, haien gorputza edo genitalak kontuan hartu gabe, eta gogoan izanik gizon-emakume dikotomiak ez duela inondik ere jasotzen gure jendartean sor daitezkeen sexu zein genero-identitate eta -adierazpen guztien dibertsitatea.
Michael Kimmel-ek (1997: 49) honako hau planteatzen du maskulinotasunaz:
«Gizontasuna ez da estatikoa, ez denboraz kanpokoa, historikoa da; ez da barruko esentzia baten adierazpena, sozialki eraikitako zerbait da; ez da gure osagai biologikoetatik kontzientziara igotzen; kulturan sortzen da. Gizontasunak gauza desberdinak esan nahi ditu aro desberdinetan eta pertsona desberdinentzat».
Ingurura begiratu dezakegu, eta maskulinitatearen ideia norbanakoan nahiz taldean haragitzeko hainbat modu daudela egiaztatu, maskulinitatearen ideia honakotzat hartuta, Jokin Azpiazuk adierazten duen moduan: «Genero-aginduak (gizonentzat) ideia perfektu, ukiezin eta lorrezin gisa irudikatzeko modua da». Aniztasun maskulinoak gaur egun iraganean baino zabalago adierazten diren arren, aniztasun horiek maskulinitatearen ideia itxi eta hertsatzaile batekin markatutako mugarik duten aztertu beharko genuke, mugaketa hori hausten dutenak «gizonen» taldetik baztertzea eta gizarteak gizonei gizon izate hutsagatik ematen jarraitzen dizkien pribilegioetatik nolabait kanporatzea ekar baitezake horrek.
Subjektibotasun maskulino deitzen diogu maskulinotasunaren ideia barneratzeko dugun moduari.
Gure jendarteko maskulinotasunaren tradiziozko idealaren sozializazio- prozesuetan, hainbat indarrek dute eragina, eta, batzuetan, mezu kontraesankorrak jaulkitzen dituzte, horietako batzuk erresistenteagoak eta berdintasun ezaren sostengatzaileak baitira; beste batzuk, aldiz, egitura-soziala aldatzearen alde bultzaka ari dira, berdintasunean oinarriturik.
Horrek guztiak balioak sozializatzeko sistema bat markatzen du, denbora eta testuinguru jakin batzuei dagokiena. Horien barruan, maskulinotasunei buruzko ideiak definitzen dira, eta gizonei zuzendutako genero-aginduak ezartzen dira.
Genero-sozializazioaren ereduek diote maskulinotasuna ez dela esentzia bat. Ez da «berezkoa», baizik eta «egin egiten da», gizonen nagusitasuna justifikatzeko joera duen ideologia baten barruan. Ildo horretan, maskulinotasunaren ideala alda daiteke eta, izatez, aldatu egin da jendarte-aldaketekin batera. Elisabeth Badinter-ek dio (1992. 24) maskulinotasuna, zentzu horretan, erlatiboa eta erreaktiboa dela. Horrela, bada, feminitatea aldatzen, berresten edo eraldatzen bada, maskulinotasunak egonkortasuna galtzen du.
Hainbat faktore aurkituko ditugu etorkizunerako proiekzio desberdinak eraikitzen dituztenak gizonetan, emakumeekin alderatuta, eta haien sexu-identitatea modu garrantzitsuan eratzen dutenak. Norma Vazquezek adierazten duen bezala (2011,13), beste batzuen artean, honako hauek dute eragina:
Azter dezagun, beraz, non dauden gizonen portaera batzuk zuzentzat eta beste batzuk okertzat markatzen dituzten mugak. Eta nola ezartzen diren esandako muga horiek. Horretarako, beharrezkoa da «gizon bat izateari» buruz gure jendartean dauden indar-ideiak aztertzea.
Horiek bezalako mezuak ohikoak dira eta «normaltzat» hartzen dira. Horrela, «gizon izatearen» ideia orokor bat ematen zaigu eta, gizon askorentzat, bizi osoko proba bihurtzen dira, bere maskulinotasuna frogatu ahal izateko.
Bideoan ageri ideiei arreta jartzen badiegu, haietako askok lotura dute Elisabeth Badinterrek (1992.51) planteatzen dituen hiru ideiak markatzen dituzten mugekin, identitate maskulinoa balioztatzeari buruz. Gizon batek bere burua eta besteak konbentzitu beharko ditu: ez dela haur bat, ez dela emakume bat eta ez dela homosexuala; bere maskulinitatea defendatu behar izango du oposizioz “ez gizonen” aurrean.
Horrela, bada, identitate maskulinoan norberaren pertzepzioa –gizon gisa «ematen dut neurria»–, eta ingurunearekiko harremana –«gizona da»– bateratzen dira. «Mutilak ez dira panpinekin jolasten», «Arrosa nesken kolorea da», «Kontxo, indar handia duzu!», «Neska batek jo al zaitu?», «Neska batek bezala tiratzen duzu», «Ez zaitez maritxua izan», «Erakutsiozu nork agintzen duen», «Ez zaitez kexatia izan», «Beraz… etxeko lanak egiten dituzu…» (“48 cosas que los hombres escuchan a lo largo de su vida” bideoaren esaldiak)
Alegia, ideal maskulinoaren eta haur –mutil–, emakumezko eta gizonezko gayen arteko aldeak eta diferentziak markatzen dira. Ideal hori urrundu egiten da haurtzaroan mutikoei baimentzen zaizkien zenbait ezaugarritatik, hala nola ahultasuna, zainketaren beharra eta justifikazioa (bai emozionala eta bai babestua izatekoa), eta mendekotasuna; kontrako aldean daude heldutasun maskulinoaren balioak: independentzia, indarra, nork bere buruarekiko segurtasuna, burujabetasuna, etab.
Emakumeetatik –edota, gure jendartean emakumeen ezaugarriekin identifikatzen den horretatik– bereiztea oso parte garrantzitsua da tradiziozko maskulinotasunaren eraikuntzan.
Gizon askorentzat gizontasuna historikoki emakumeei atxikitzen dieten nolakotasun eta portaeretatik aldendu behar da, hauen balioa gutxitzen, tradiziozko maskulinoak diren nolakotasun eta portaeren aurrean.
Kontua ez da soilik emakumeen eta gizonen arteko aldeak argitzat eta aldaezintzat jotzea, baizik eta gauzak «emakume batek edo neska batek bezala» egitea ekintza hori edo trebetasun bat debaluatzea edo barregarri uztea.
Hurrengo bideoan, «Hacer las cosas como una niña», esandakoaren adibide bat ikusiko dugu.
Gizon askoren portaerak eta haien genero-adierazpenak asko markatzen dituen beste faktore bat da norbera homosexuala ez dela erakutsi beharra.
Gay ez izatea eta homosexualenak direla uler daitezkeen portaeretatik aldentzea konstante bat izan da tradiziozko ideal maskulinoa eratzeko orduan. Sexu bereko pertsonak maite eta haiekin sexu-harremanak dituzten pertsonen eskubideen inguruan bai jendartean eta bai legeetan gertatu diren aldaketak gorabehera, oraindik ez da ezabatu homofobia jendartetik eta, aurrerapena bistakoa bada ere, bazterketa, homofobia eta transfobia nonahi ikus dezakegu.
Oscar Guasch-ek, «Masculinidades y homofobias: resistencia y liberación» konferentzian, «gay ez izate» hori markatzen duten bi motatako homofobiak planteatzen zituen.
Alde batetik, homofobia sinplea aipatzen zuen, batez ere gay eta homosexualei eragiten diena. Bestalde, Oscar Guaschek homofobia konplexua deitzen dio gizon guztiei –haien sexu-joera edozein dela ere– eragiten dien homofobia sotil eta ikusezin bati.
Homofobia konplexua gizonen maskulinotasuna eta gizontasuna – maskulinotasunak ematen dien estatus soziala, alegia– galtzeko beldurrean oinarritzen da. Homosexualen kontra erabiltzen da maritxu hitza, baina, irain modura, gizon gisa «neurria» ematen ez dutenen kontra ere erabiltzen da. «Maritxua» da mutil heterosexual afeminatua. «Maritxua» da kiroletan beti azkena eta arnasestuka iristen den mutiko potoloa. «Maritxua» da koldarra, beldurtia. Laburbildurik: «Maritxua» da gizon gisa neurria ematen ez duen guztia (Guasch4). Era horretan, tradiziozko portaera arautuak ez dituzten gizonak emakumeek okupatzen duten genero-espazio berean kokatzen dira.
Homofobia konplexuaren mehatxupean, gizon asko homosexualak ez direla erakutsi beharrean sentitzen dira, eta «gizon» jokabidetzat jotzen dituztenak indartzen dituzte arriskuko portaeretan, beste gizonekiko lehiakortasunean edota harreman pertsonal eta afektiboetan.
Beraz, alde batetik, portaera maskulino anitz eta gizon izateko eredu desberdinak bizi dira elkarrekin, beste alde batetik, oraindik presente dago zenbait muga argi eta garbi markatzen dituen maskulinotasuna ulertzeko modua ere. Gurutzatzea komeni ez den marra gorriak. «Genero-zainketa», gizonek haien buruen eta beste gizonen gainean egiten duten etengabeko kontrola –hain zuzen, «benetako gizonaren» eredu idealizatuarekin alderatuta (Kimmel, 1997), haien diskurtsoak eta praktikak zaintzeko–, tradiziozko maskulinotasun eredu bakarra eta finkoa erreproduzitzen eta sostengatzen jarraitzen duen mekanismoaren parte da.
Hortaz, gure jendartea iraganean baino irekiagoa eta dibertsoagoa den arren, eta gizon gisa identifikatzen direnen maskulinotasuna bizitzeko era desberdinak hautematen eta ezagutzen baditugu ere, aniztasun horrek baditu marra argi batzuk gizon izatearen esanahia mugatzen dutenak, alegia, zer espero den haiengandik eta zer genero-agindu bete behar dituzten abantaila eta pribilegio sozialeko toki hori okupatzeko.