Gai honetan dugu genero-eredu sexisten sozializazioari buruzko eztabaida interesgarrienetako bat. Zenbateraino daukagu hautatzeko askatasuna, edo ikasitakoa mekanikoki errepikatu baino ez dugu egiten? Eta hautatzeko askatasunik ez badago: zergatik daude ideia eta portaera hain desberdinak dituzten pertsonak?
Alde batetik, ez daukagu ukatzerik sexu-genero sistemaren eragina gure erabakietan. Adibidez, jo dezagun bikote baten kasua dugula, eta lanetik eszedentzia nork hartu erabaki behar dutela, haur bat edo mendekotasuna duen pertsona bat zaintzeko. Kasu horretan, argudiatu ohi da askatasunez hartutako erabakia dela, eta horretan ez dutela eraginik tradiziozko genero-aginduek. Baina, zainketari eta etxeko lanei buruzko estatistiketan ikusi dugun bezala, ez da horrela. Itxuraz askeak diruditen erabaki horietako askotan, eragin erabakigarria izaten du gure sozializazio sexistak.
Hala eta guztiz ere, generoaz gainera, badira faktore gehiago identitatearen eraketan eragina dutenak, hala nola klase soziala, baliabide ekonomikoak, adina, burujabetza, higikortasuna, jatorria, orientazio sexuala, azalaren kolorea, etab. Hautatzeko askatasuna testuinguru sozial eta une historiko jakinetan gauzatzen da. Argi dago ez dela gauza bera homosexualitatea publikoki aitortzea 50eko hamarraldian edo gaur egun, eta, askatasuna hedatu ahala, handitu egin dela bizimodua hautatzeko aukera ere.
Erantzukizun indibiduala eta kolektiboa hautatzeko askatasunari lotuta dago. Zaila da esatea ez daukagula inolako aukerarik hautatzeko noraino errepikatzen edo betikotzen ditugun eredu sexistak; izan ere, geure burua geure ekintzen erantzule izatetik eta berdintasun eza ezabatzeko izan behar genukeen konpromisotik salbuesten ariko baikinateke. Esate baterako, adierazten badugu: «Sexista naiz horrela hezi nindutelako», ez dugu norbanakoaren erantzukizuna aitortzen, baizik eta «jendarteari» egozten diogu erantzukizuna. Sozializazio-eredu sexistak ez du hartzen jendarte homogeneo eta uniforme baten osotasuna, baizik eta, berdintasunaren inguruan, zorionez, hainbat motatako diskurtsoak eta praktikak daude.
Esan genezake, gure bizitzan zehar, hainbat tentsio sozializatzaile biltzen direla, eta, horien funtzionamendua eta ondorioak ulertzen eta «ikusten» ditugunean, kontra egin ahal izango diegula, bizitza-ereduetan dibertsitate aberatsago batera igarotzeko. Nolanahi ere, esan dezakegu generoko berdintasun eza (ez dugu nahastu behar generoen artean dauden aldeekin) gure biologiaren emaitza soila balitz ez genukeela eraldatzeko aukera handirik izango. Hala ere, baldin eta sozialki eraiki bagara, izango dugu sozialki deseraikitzeko aukera ere.