Sozializazio-prozesuari esker, ia inkontzienteki asimilatzen eta geure egiten dugu (izan daiteke hertsaduraz edota sedukzioz), genero-estereotipoak aldi berean direla deskribatzaileak –«emakumeak emozionalagoak dira, gizonak arrazionalagoak»– eta agintzaileak –«gizonek ez dute negar egin behar, emakumeek ama izateko asmoa izan behar dute». Gainera, genero-estereotipoek oso era partikularrean funtzionatzen dute, berdintasunik ezaren kausa eta ondorio baitira aldi berean.
Estereotipoak inguru sozialak eta kulturalak inposatutako eta aurrez erabakitako ideiaz, aurreiritziz, jarreraz, sinestez eta iritziz osatuak daude, eta orokorrean aplikatzen zaizkie kategoria, nazionalitate, etnia, sexu, adin, sexu-orientazio edo jatorri geografiko bateko pertsona guztiei (Wikipedia).
Estereotipoek indar handia dute, funtzio egokitzailea eta funtzionala betetzen baitute: gure bizitza sinplifikatzen laguntzen digute, ahalegina eta substantzia grisa aurrezten, alegia. Ezingo ginateke bizi ezagutzen dugun pertsona bati buruz guzti- guztia, hutsetik hasita, ikasi beharko bagenu.
Baina estereotipoek «pigmalion efektua» ere sortzen dute: gure identitatea moldatzen dugu guregandik espero den horretara, eta, hala, gure portaeraren bitartez, estereotipoak betikotzera irits gaitezke.
Izaki pentsatzaile eta burujabeak garen neurrian, genero-estereotipoek egokitze- funtzio hori noiz betetzen ez duten antzematen ikasi behar genuke; izan ere, horren ordez, berdintasunik eza, injustizia eta pribilegioak zilegitzen eta betikotzen ari baitira. Estereotipoak gidatzat erabiltzeak ondorio bikoitza dakar: alde batetik, judizio-errakuntzak erabaki okerrak hartzera eraman gaitzake (ez dugulako informazio erreala erabiltzen, baizik eta ustezkoa), eta, bestetik, okerreko aurreiritzi horiek diskriminaziora eraman gaitzakete.
1979an, Nazio Batuetako Emakumearen aurkako diskriminazio era guztiak ezabatzeari buruzko hitzarmenak (CEDAW) honela definitu zuen diskriminazioa:
“Sexuan oinarritutako bereizketa, bazterketa edo murrizketa oro, halakoen xedea edo ondorioa denean gutxitzea edo deuseztatzea […] giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen aitorpena, eta horiek gozatzeko eta baliatzeko eskubidea, dela politikan, ekonomian, jendartean nahiz kulturan, esparru zibilean edo beste edozein esparrutan.”
Gaur egun, esan dezakegu badela berdintasun formala, legeak bermatzen digun hori. Hala ere, ez genioke begirik kendu behar berdintasun (edo berdintasun falta) errealari, hau da, gure ohiko jendarte-antolakuntzatik eratortzen denari. Egoera esplizituei eta ageriko diskriminazioei hobeto antzemateko joera izan ohi dugu, pertsona gehienok ez baikaude halakoekin ados. Zailagoa izaten da, ordea, egoera diskriminatzaileei antzematea itxuraz neutroak direnean, baina horrek ez du esan nahi bazterketarik ez dagoenik eta zuzenbidearen kontrakoak ez direnik.