4. Generoaren sozializazio-prozesua: normatik «normalera»

Sozializazioa etengabeko prozesu bat da, zeinari esker gizakiok hainbat arau, kode eta patroi ikasten ditugun, hain zuzen ere, inguruan dugun jendarte-egituran integratuko gaituztenak, gai pertsonal eta zehatzenetatik hasi (gure identitatea) eta eraikuntza abstraktuenetaraino (gure balioak eta sinesmenak). Prozesu hori bizitza osoan gertatzen da, agente sozializatzaileak tarteko direla: familia, eskola, hizkuntza, komunikabideak, tradizioak, erlijioak, legeak, ekonomia, eta beste ezin konta ahala presio, neurri handiagoan edo txikiagoan, moldekatzen gaituztenak –eta gu ere haietara moldatzen gara–, «jendarte-ordenan» bizi, eta hura erreproduzitu eta betikotu dezagun.

Horrela, esandako «molde» horiekin bat datozen edo «egokitzen» diren edo ez diren aukera, modu eta mailen espektroa oso zabala izan arren, jendartearen joera da generoa bi kategoriatan polarizatzea, femeninoa eta maskulinoa, eta horietako bakoitzari bere iruditeria propioa eransten zaio, finkotzat eta aldaezintzat jotzen dena.

Emakumearen Institutuko zuzendari ohi Marina Subiratsek zioen errepresioaren eredutik sedukzioan oinarritutako beste batera igaro garela emakumeen eta gizonen portaerak edo izaerak finkatzeko orduan. Horrela, txikitatik hasita, edertasunari eta «bestearen» zaintzari lotutako ereduarekin liluratzen dituzte neskatoak; mutikoak, aldiz, beste eredu batekin seduzitzen dituzte: jendartean abantaila-egoera batean kokatuko dituzten lorpen ekonomiko eta sozialak azpimarratzen dira oraindik mutilen kasuan.

Halaxe da, sozializazio-prozesu konplexu baten eraginez, giza espeziea izaki sozialak eta elkarren mendekoak gara, baina ez baliokideak. Sozializazio sexistak, hertsatze edo presioaren eta sedukzioaren bitartez, mugatu egiten ditu pertsonen bizitzak, eta gurutzatu behar ez ditugun esperientzien mugak markatzen dizkigu, botere- egitura diskriminatzaile baten barruan.