2.3. Sexu-genero sistema

Orain, ulertzen dugu sexu-genero sistemak, izatez, dimentsio biologiko bati ematen diogun dimentsio soziala deskribatzen duela. Norberaren sexuari dagozkiola interpretatzen ditugun ezaugarriekin zerikusia duten pertsonen arteko desberdintasun biologikoak (beste batzuk ere badaude: azalaren kolorea, adina, ahalmen fisikoa, etab.) hierarkizazio sozial baterako oinarri bihurtzen dira, zeinaren kariaz, gizonek (bereziki maskulinoak jotzen diren agindu sozialak betetzen dituztenak) balio eta botere handiagoa duten emakumeek baino (eta femeninotzat jotzen denak baino).

Alegia, naturalaren eta sozialaren arteko baliokidetasun faltsu baten aitzakian betikotzen eta justifikatzen da gaur ere oraindik gure bizitzan ondorio benetakoak eta materialak dituen injustizia bat, ikastaro honetan ikusiko dugun bezala.

Hala ere, ikuspegi horrek sinetsarazten digu gure identitatea erabakitzen duen bakarra gure biologia dela, eta ez gara ohartzen gizakion sozializazio-prozesua kulturala eta ikasia dela. Horrexek bereizten du gizakia beste izaki bizidun batzuetatik, eta horrek ahalbidetzen digu, beste gauza batzuen artean, modu abstraktuan pentsatzea, arrazoitzea, mintzatzea, asmatzea… eta izaki sortzaile eta berezi modura bizitzea.

Hona esandakoaren froga bat: nahiz eta oraindik gizonen eta emakumeen artean indarrean dauden ezberdintasunak funtsezkoak izan, historian zehar izan diren aldaketak ikustea nahikoa da egiaztatzeko jendartean dugun lekua ez duela gure sexuak erabakitzen, baizik eta pertsonok eraldatzen ahalegintzen ari garen horrek.