2.1. Sexua

Sexuaren kontzeptua sozialki eraikitako interpretazio bat da; hala, gure jendartean, kontzeptu horren barruan sartzen dira pertsona batzuk besteetatik bereizten dituzten ezaugarri biologikoak eta anatomikoak: barneko eta kanpoko aparatu genitala, bigarren mailako sexu-ezaugarriak (adibidez, bularrak emakumezkoetan edo bizarra gizonezkoetan), kromosomak edo karga hormonala… Eta multzo horri kategoria sozialeko balio bat eransten zaio: ar edo eme. Kategoria horiek, generoarekin gertatzen den bezala, elkar baztertzen duten eta aldi berean elkarren osagarri diren modu batean eraikita daude. Ikusiko dugun moduan, interpretazio honek, ordena, oreka eta zuzentasun sentsazio faltsu bat sortzen du, baina desberdintasun eta diskriminaziorako oinarriak eraikitzen ditu.

Gaur egun jakinaren gainean bagaude ere sexuaren sailkapena askoz konplexuagoa dela eta konbinazio-espektro zabal bat dagoela (Anne Fausto-Sterling), aukera bakarrak aipatutako bi kategoria horiek balira bezala antolatu izan gara historikoki.