Gizonen eta emakumeen berdintasunean ematen ari diren aurrerapausoetan inplikatzen hasteko aukera ona da Gizonduzen kanpaina honekin bat egitea: Gizonok esan eta egin. Gizonei zuzenduriko kanpaina horretan, berdintasunaren aldeko ekintza zehatzak proposatzen dira, geure buruarengan eta jarreretan aldaketak abiarazteko dauzkagun baliabideak erabili eta hedatzearen alde egiten da, eta berdintasunaren aldeko nahiz indarkeria matxistaren kontrako borrokarekin bat egiteko deia egiten da. Hori guzti hori lortzeko, kanpainak eskueran dauzkagun 25 aukera, ideia eta baliabide eskaintzen dizkigu, eta, halaber, ekintza eta konpromiso berriak proposatzera animatzen gaitu.
Bada, bertan topatuko dugun lehenengo ekintzak geure baitara begiratzea proposatzen digu, gure jarrera sexistak azter ditzagun. «Aztertu zure matxismoa» test erraz bat da, eta, horri esker, ordura arte atzeman gabeko jarrerak ikusi ahalko ditugu gugan.
Hortik aurrera, zainketarekiko erantzukizunak har ditzakegu geure gain: etxeko lanetan eta zaintza-lanetan erantzukizuna areagotu dezakegu, eta haurrak nahiz mendekoak zaintzeko baimenak, lanaldi-murrizketak eta eszedentziak erabiltzeko konpromisoa hartu. Era berean, gizonak lan-arloko erantzunkidetasunean eta zaintzetan gehiago inplikatzea sustatuko duten neurriak hartu eta sustatzera animatzen du, eta gurasotasun positiboaren aldeko prestakuntza-jardueretan parte hartzea azpimarratzen.
Aurrez aurreko nahiz lineako ikastaroak eginez berdintasun-gaietan trebatzea edo ikastaro horiek norberaren lan-eremuan egitea da beste aukera bat, bai eta hezkuntza-eremuan hezkidetza sustatuko duten ekimenak babestea ere. Halaber, produktu sexistak kontsumitzeko eta horiekin jarduteko dugun moduari koherentzia emateko, hedabideetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko eta zurrumurru sexistei bide ez emateko proposamenak jasotzen dira. Azkenik, indarkeria matxista salatzeari eta desagerrarazteari begirako hainbat ekintza biltzen dira, eremu publikoan, kontsumoan nahiz egunerokotasunean egitekoak.