1. Sarrera

Kurtsoari ongietorria ematen dizuegu. Maskulinitateak. Gizonak eta berdintasuna Kurtsoa Emakunderen, Emakumearen Euskal Erakundea, eskutik sortu da, eta Gizonduz ekimenaren barruan kokatzen da, gizonek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzeko sortuta.

Beharbada, noizbait entzun duzu metafora hau, alegia, feminismoaren betaurreko moreak jantzi beharra dagoela mundua genero-ikuspegitik ikusteko. Agian, badakizu jada zerbait edo susmatzen duzu, «feminismo» eta «genero» hitzen azpian dauden ideien esanahiari buruz. Eta pentsatzen hasten bazara, beharbada baduzu ideiaren bat (edo iritzi osatu bat) zenbait kontzepturen inguruan: matxismo, berdintasun, desparekotasun, diskriminazio, sexismo, genero-indarkeria, androzentrismo, etab. Ez da harritzeko, ideia hauek gure egunerokotasuneko esperientziaren parte direlako. Telebistan, prentsan, klasean, lanean, saretan, familian, lagunekin… topatzen ditugun kontzeptuak dira.Baina, ulertzen dugu zer motatako eragina daukate gure bizitzan eta bere garrantzia bere osotasunean?Emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak, eta zergatik mantentzen diren belaunaldi bakoitzean ulertzeko, kontzeptu hauek landuko ditugu banaka. Ikusiko dugu nola batzen dira guztiak egitura konplexu batean, bizi garen jendartea eraikitzen.

Dokumentu honen bigarren partean gaur egungo maskulinitatea emakume zein gizonetan daukan eragin negatiboak deskribatzen dira. Honen aurpegi ikusgarriena eta muturrekoa emakumeen kontrako indarkeria da, baina portaera sotilagoak existitzen dira, pertsona ororen egunerokotasunean presente daudenak, gehien bat emakumeen, baina baita gizonen, autonomia eta askatasuna txikitzen dutenak.

Hala eta guztiz, optimistak izateko arrazoiak daude. Gero eta gizon gehiago «betaurreko moreak» janzteko eta haien burua zein ingurunea begiratzeko prest daude, eta maskulinotasun eredu ezberdinak aurkitzen hasteko, gizon izateko beste modu zuzen, baketsu eta gogobetekoagoak.